XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

6. 1. EGOERA LIKIDOA.

Dakizun bezala, Izadian dagoen materia guztia hiru egoera desberdinetan azaltzen zaigu begien aurrean.

Hiru egoera horiei solido, likido edo gas deitzen diegu.

Guk hasieran egoera likidoa aztertuko dugu, eta abiapuntu gisa, oso erraz egiazta daitezkeen likidoaren zenbait ezaugarri nabarmenduko ditugu: a) Likidoa osatzen dituzten zatikiek edo molekulek batabestearen gain irristatu egin daitezke, eta ondorioz: 1.- Likidoak, solidoak ez bezala, ez du berezko formarik.

Hau da, likidoak, edukitzen duten ontzien forma hartzen du; ontziz aldatuz gero likidoak ontzi berriaren forma hartzen du (6.1. irudia).

2.- Ontzian zulo bat eginez gero, likidoak bertatik ihes egiten du; jarioan hasten da.

b) Likidoa osatzen duten zatikiak edo molekulak, bata besteari lotuta daude, eta ezin dezakete gasen kasuan bezala ihes egin; eta beraz: 1. Likidoak, solidoak bezala, bolumen finkoa du.

Likidoak ontzi batetik beste batera iragatean, nahiz eta bere forma aldatu, bolumen bera mantentzen du (6.1. irudia).

2.- Likidoa pittin bat konprimatzeko, indar ikaragarriak egin behar dira.

Guk ikasgai honetan, likidoa ezin dugula konprimatu kontsideratuko dugu, hots, nahiz eta asko estutu, likidoak bere bolumena kontserbatzen duela.

Hitz batez, likidoa konprimaezina dela suposatzen dugu.

irudia.

Likidoak, beren bolumena mantenduz, ontziaren formara moldatzen dira.

6.2. PISU ESPEZIFIKOA ETA DENTSITATEA.

a) Pisu espezifikoa.

Likidoak, solidoak bezala, pisu bat dauka.

Baina likido batzuk beste batzuk baino gehiago edo gutxiago pisatzen dute, hau da, likido desberdinek ez dute berdin pisatzen.